XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Jesuit ikasetxea zen, beraz, diziplina bere gisako baten eragileak ziren jaun apez haiek, azaletik libertate askian gintuztelarik, barnagoa zen egiazko diziplina, nork bere baitan baitzuen pausatua ohartu gabeko xixarea.

Zinez baitzen bastiza handi eta zaharra, amaigabeko eskailara nola barne ilunetatik galdurik ibili naiz, eta hainbatetan!; alta, jende beltz haien misterioari argi izpi apurra ekartzeko xedetan galtzen ginen ilunpe haietan gaindi.

Halatan bada, bazkaldu ondoan zenbait lagun abiatzen ginen ikasetxeko barrunbeak oro miatu gogoz, zerbait erigarri, misterios, somatzen genuelarik geronentzat debekua zen laberinto hartan.

Zurezko mailadi ilun hezeak, borta zerratuak, oraino ere ametsetan present ditut horiek oro, bainan halaber ttipiteriaren burrunba algara, haurren bizia, oihu, irri karkaz eta lagungoa.

Bazen harat bildurik Eskual Herriko bazter orotarik etorria zen mutiko eli handia, ospe ongi irabazia baitzuten jesuit fraideek haurren hezi eta gobernatzeko duten esku trebe eta adretaren ariaz.

Arren, bestetarik etorria zen jendeak eliz, ostatu, baita mundu osoa ere zuen ikasetxe hartarik ez ziren kanporatzen ahal, salbu igande eta festa egunetan: internak ziren haiek.

Lagun eli ttipia ginen bada, eta nitaz beste, oro kanpoko, nerau nindutelarik ikasetxetik landara zernaitarako lokarri.

Oroitzapenaz ditut orain urte alegera haiek besarkatzen, gure haur saldo handi hura dut ikusten eskailaran gora, oro brusa ber kolorearekin, zuri-morea, apeza oroen erdian nola euli beltza azukrearen gainean gu guziak begiradaz gobernatzen; ahopetik eta sekretian, ginen deabru gaiztoek milaka aldiz itzulazten genuen haren seberitate faltsua: batek ondotik dohakonari piko egin edo hura zafla; hark oihu, besteek irri, euliak hegalaldi ttipi bat egin, eta beharrietatik heldurik:

To hi beti, ei? Ixil hadi ez baduk honat nahi igandean ere!.